XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) hilobia betelanez estalita konformatu behar izan genuen berriro.

Bien bitartean, aurkikuntzaren albistea ziztu bizian zabaldu zen eta gertakari hartaz era guztietako istorioak zebiltzan, izugarrizkoak eta ametsezkoak ere bai.

Bertako biztanleen artean sinesgarritasun handia hartu zuen kontakizun baten arabera, hiru hegazkin jaitsi ziren Ibarrean, lur hartu eta, altxorrez beterik, leku ezezagun batera joan ziren.

Honelako zurrumurruak ahal zen neurrian mozteko, bi erabaki hartu genituen: lehena, Lord Allenby eta aurkikundearekin zerikusia zuten sailburuei gomitea egitea eta, bigarren, aurkikuntzari buruzko txosten onetsi bat Times-era bidaltzea.

Horrela bada, hilaren 29an estreinatu genuen ofizialki hilobia, Lady Allenby Lord Allenbyk, zoritxarrez, ezin izan zuen Alkairo utzi Abd el Aziz Bey Yehia, herrialdeko gobernadorea, barrutiko mamour zen Mohamed Bey Fahmy eta zenbait agintari eta funtzionario egiptoar aurrean zirela;

Tottenham jauna, Herilanen Ministeritzako Kontseilari, eta Pierre Lacau, Antigoalen Serbitzuko zuzendari, bezperan etortzerik izan ez zutenez, ikusketa ofizialez etorri ziren azaroaren 30ean.

Times-eko berriemaile zen Merton jauna ere inauguraketan egon zen eta, gero Ingalaterran, hainbeste iskanbila sortuko zituen idatzia bidali zuen bere egunkarira.

Abenduaren 3an, egurrezko atesare handiarekin sarrerako atea itxi ondoren, hilobia betelanez goraino estali zen.

Lord Carnarvon eta Lady Evelyn hilaren 4an joan ziren Ingalaterrara, zenbait eginkizun burutu eta, horrela, denboraldia amaitu aurretik, ostera itzuli ahal izateko; (...)